Dekalogoa, SOLARIAK Araban dituen proiektuei buruzkoa
Arabako gizartea, oro har, trantsizio energetikoko ereduen prozesuaren alde dago, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta iraunkortasun sozio-ekologikoaren alde egiteko, modu integral eta bidezkoan. Horretarako, trantsizio energetikoan parte hartzen duten eragile guztiek ingurumena, lurraldea eta gizarte osoa errespetatu behar dituzte. Ez du inolako logikarik energia sortzeko makroproiektuak sustatzeak, proiektu horiek ezarri nahi diren lurraldeen iraunkortasun sozioekologikoaren bideragarritasuna kaltetzen badute epe labur, ertain eta luzera. Energia ez da berdea teknologia-mota batek sortzen duelako soilik, baizik eta lurraldeen iraunkortasun integralaren alde egiten duelako (biodibertsitatea, nekazaritzako eta abeltzaintzako sistema, gizarte-balioak, etab.)
Araba ez dago salgai eta, beraz, EZ da onargarria Solariak lurraldea dianatzat hartzea, eta dozenaka dardo botatzea, erortzen diren lekua kontuan hartu gabe, eta gizartearen, tokiko ekonomien eta naturaren gaineko eragin larriaz axolarik izan gabe. Salatzen dugu Solariak, bere urre berdearen bilaketan, zigorgabe jokatzea, harrapariek duten grina berberarekin. Lurraldea bera eta bertako jendea babestu behar dira klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko ekimenen bidez, ekonomikoki bideragarriak izan daitezen eta gizarte-kohesioa zein lurraldearen erresilientzia sustatu ditzaten. Solariako proiektuek klima-aldaketaren aurka borrokatzeko ezinbestekoak eta premiazkoak izateko mozorroa dute jantzita, baina ez da horrela. Izan ere, ez dituzte kontuan hartzen eredu eraginkorrak eta ia erabat deszentralizatuak dituzten alternatibak, hala nola energia fotovoltaikoa sortzea kontsumo-puntuetatik gertu dauden lekuetan, oso tentsio handiko lineak eraikitzea saihestuz, sortzen dituzten ingurumen-inpaktu handiengatik eta garraioaren energia-galera handiengatik.
Premiazkoa da Arabak energia berriztagarrien plan publikoak egitea, lurraldearen erabilerak planifikatu eta ordenatzeko eta Solaria bezalako enpresa pribatu handiei lurraldea desorekatzeko aukera ematea eragozteko. Lurraldea antolatzeko planek energia-politikaren garapena antolatu beharko lukete, bereziki energia berriztagarriaren ekoizpena eta garraioa, hala nola eguzkia eta haizea, ondasun publiko nagusiak baitira. Baina gaur egun ez dago Araban energia berriztagarriak hedatzeko antolamendu eraginkor eta errealik, eta hori, ke berdea salduz, bere makroproiektu fotovoltaikoekin lehorreratzeko erabiltzen du Solariak, insitituzio publikoen jarrera epela baliatuz (Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia kasu). Lurralde-antolamenduak ziurtatu behar du energia berriztagarriko azpiegiturak irizpide gardenetan oinarrituta ezarriko direla, eta, betiere, natura- eta kultura-balio handiko espazioak babestuko direla, bai eta elikagaiak ekoizteko balio agrologiko handiko nekazaritza-lurrak ere. Horrenbestez, naturan eta nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueran ahalik eta inpakturik txikiena eragingo duten kokapen oso antropizatuak lehenetsiko dira.
Arabako lurraldeko balioak askotarikoak dira, eta ezin dira alde batera utzi, ezta gutxietsi ere, energia berdearen hedapen masibo baten premiazko beharra aitzakiatzat hartuta. Energia berdea da, askotariko lurraldeetako landa-eremuek eskaintzen dituzten balio natural, sozial eta ekonomikoen aniztasuna babesten duelako. Balio-aniztasun hori funtsezkoa da biodibertsitatearen krisi globalaren testuinguruan klima-erronkei aurre egiteko trantsizio erresilientea egiteko. Ezin dugu onartu lurraldearen oraina eta etorkizuna hipoteatzea, Solariaren mozorro berdearen pean.
Trantsizio energetikoa bidezkoa eta demokratikoa izango da, edo ez da izango. Herriek erabaki behar dute zenbat energia ekoizten den, non, nola eta zertarako, eta ez merkatuek. Horregatik, ezinbestekoa da mekanismo demokratikoak sartzea trantsizio energetikoaren ereduen diseinuaren, plangintzaren, kudeaketaren eta ekoizpenaren fase guztietan. Horren barruan sartzen da herriek beren ingurumen-, kultura- eta gizarteongizateari kalte egin diezaioketen edozein proiektu edo jarduerari buruz erabakitzeko duten eskubidea, aurretiazko kontsulta aske, informatu eta loteslearen bidez artikulatua.
Ez dago trantsizio sozio-ekologikorik bertako jendearen nortasuna babestu gabe eta lurraldean energiaproiektuak errotu gabe. Arabako jendea, bai landa-eremukoa bai Gasteizkoa, oso errotuta dago lurraldean. Ezinbestekoa da landa-eremuetako eta hiri-eremuetako biztanleen behar ekonomiko, sozial eta kulturalen lotura eta ezagutza sustatzea. Espazio sozial horiek elkarren beharra dute. Adibidez, Gasteizko biztanleek beharrezkoa dute landa-eremuek egiten duten elikagaien ekoizpena, Arabako nortasunari egindako kultur ekarpena eta bertako natura- eta paisaia-guneez gozatu ahal izatea. Beraz, beharrezkoa da landaguneko herriek beren udalerri eta kontzejuetan antolatzen dituzten bizimoduak eta lana errespetatzea, eta Solariaren zentzugabekeria gelditzeko Arabako jende guztiaren antolamendua.
Araba harro dago ingurumen-mehatxurik gabeko lurralde baten aldeko defentsan betidanik egin duen lanaz. Lemoizko eta GaroƱako zentral nuklearren eta fracking-aren aurkako borrokak dira horren lekuko. Borroka guzti horiek herritar anitzek irabazi zituzten, Arabako lurraldearekin solidarioek, eta eragile politiko eta ekonomiko boteretsuen aurka antolatu behar izan zuten. Orain, Solaria enpresa multinazionalak sustatutako plan eta proiektu ugariek dakarten zentzugabekeria gelditzeko antolatu beharra dago. Plan eta proiektu horiek, Arabako gizartea ulertu gabe, eta lurraldean inolako sustrairik izan gabe, 3.000 hektarea lur okupatu nahi dituzte (4.500 futbol-zelai inguru) beren helburu pribatuetarako, beren onura ekonomikoen egarria kolore berdez mozorrotuz.
Ezinbestekoa eta premiazkoa da egungo krisi energetiko eta klimatikoan alternatiba errealetan aurrera egitea. Eragile aktibo garen aldetik, arabarrok benetan eraginkorrak diren ekintzak jarri nahi ditugu abian, gure lurraldea lagungarri eta eraginkor izan dadin bidezko energia-trantsizio batean, inor atzean utzi gabe eta pertsona ahulenak babestuz, horixe izan baita gure gizartearen balio historikoetako bat. Badakigu orain abian jarriko ditugun ekintzek aldatu egingo dutela hurrengo belaunaldien bizitza, eta erronka kolektiboa da, gure gain hartu nahi duguna. Horregatik, orain ezinbestekoa da Solaria geldiaraztea, eta oinordetzan jaso dugun eta hurrengo belaunaldientzat gorde nahi dugun lurraldea suntsitzeko duen grina basatia geldiaraztea.
Funtsezkoa da kontuan hartzea ekintza batzuk atzeraezinak direla, eta, beraz, Solariak proposatzen dituenak bezalako makroproiektuak ezartzeak ekar ditzakeen ondorioek ez dutela bueltarik izango. Oso ezaguna da, gainera, hainbat ekintza politiko-ekonomikok, denboran zehar, hobekuntza ekonomikoa eta, beraz, soziala lortze aldera, hondamendi ekologikoak eragin dituztela, ingurumen-kostu larriekin eta inoiz berreskuratu ez diren giza bizitzekin. Gizarteak “aurrera egiteko” beharrezkoak diren albo-kalteak hartu dira kontuan. Araban, ez dugu gure lurraldea agortzea saihesteko behar adinako ahalegina egin ez izanaz damutuko den herri eta gizarte bat izan nahi.
Makroproiektu horiek lurraldean eta bertako bizimoduetan duten inpaktuak tokiko dimentsioa gainditzen du, eta erantzun koordinatua eta solidarioa behar du. Horrela, plataformak ez gara makroproiektu jakin baten aurka sortzen, baizik eta babesten duen trantsizio-ereduari erantzuteko mugimendu kritiko gisa. Zentzu horretan, azpiegituraren izaera eta helburua zalantzan jartzen ez duen edozein kokapen-aldaketa errefusatzen dugu, baita Solariak herrien borondatea erosteko eskain dezakeen edozein konpentsazio edota onura ere.