Gorbeialdeak zutik jarraitzen du Solariaren aurka!

Danborren hotsak entzuten dira berriz ere Gorbeialdean. Solariak bere proiektu fotovoltaikoak Gorbeialdeko bihotzera jaurtitzen zituela iragarri zuenetik etenbage jo duten danborren hotsak dira. Hego haizeak berriz ere abisatzen digu Solaria kontraerasoan dabilela. Barealdi tirabiratsu baten ostean Solaria Gorbeialdea berriro erasotzen saiatzen ari da, eta indarrak batu behar ditugu aurre egiteko.

Iazko Maiatzetik Uztailera hiru elkarteren inguruan bildu ginen (ZigoitiaBai, Zuia Bidean eta Urkabustaiz babestuz) GORBEIALDEA DEFENDATU herri plataforma sortuz. Mugimendu sozial indartsu eta transbertsala sortzea lortu dugu, Solariaren erasoei aurre egiteaz gain, bere burua hezten eta Gorbeialdean, Araban eta Euskal Herrian trantsizio ekosozialaren eztabaida maila guztietan zentratzen ahalegindu dena. Gure helburua argia da, Solaria bezalako enpresa harraparien proiektu energetikoen zentzugabekeria gelditzea, egoera honen ezagutza zabaldu eta eztabaida sozialerako espazioa sortu, irtenbide errealak eta inklusiboak eskaintzeko asmoz, beti ere eredu energetiko iraunkor eta justu baten alde. Gorbeialdeko Herri Unibertsitatea horren adibide da.

Zeru oskarbiak Solariako putreak Gorbeialdearen gainean hegaka ikusteko aukera ematen digu, eta zelatatze horrek pentsarazten digu Solariak Eusko Jaurlaritzari Gorbeialdeari zuzenean eragiten dioten proiektuen proposamen berrituak aurkezten ari zaiola. Seguru asko, epe laburrean, Eusko Jaurlaritzak, Industria Sailaren bitartez, Solariaren proiektuen bertsio berria aurki argitaratuko du. Eusko Jaurlaritzak berak Solariaren aurreko proiektuei egin genizkion alegazioei erantzun aurretik ari da Solaria saiatzen berriz erasoa egiten. Horrek, gure ustez, izen bakarra du: Mespretsua.

GORBEIALDEA DEFENDATUtik dei bat egiten diogu Gorbeialdeko gizarte osoari aurki iritsiko diren albisteei, mobilizazioei, asanblada eta abarrei adi egon dadin. Deialdiak egingo ditugu egoeraren berri emateko eta, Solariaren lehenen saiakerarekin egin genuen bezala, ahalik eta ondoen aurre egiteko.

GORBEIALDEA DEFENDATU prest dago eraso berri honi aurre egiteko. Gorbeialdeak ez du gure gizartea eta lurraldea harrapakin izatea utziko eta gure oinarri soziala mobilizatuko dugu gure burua defendatzeko eta putre hauek gelditzeko.

Utzi Gorbeialdea pakean!

Solaria kanpora!

Utzi iruzkina